Aurtengo leloa

—HOBE ELKARREKIN—

Bizi ditugun garaiotan, bizitza besteren ondoan sentitzeko premia dugu, beste inoiz baino gehiago.

Pertsona talde bat beti iritsiko da pertsona bakar bat baino urrunago, baldin eta gaitasunak batzen baldin badituzte eta elkarrekin egitea eta bizitzea erabakitzen baldin badute.

Indibidualismoari eta pentsamenduan, lanean edo sinesmenean bakartzeari aurre egiteko modua da elkartzea, harremanak saretzea gainerako pertsonekin. Pertsonen elkartea da errealitatea indartzeko eta hobetzeko bitartekoa.

Oso ondo azaldu du hori guztia Frantzisko aita santuak entziklika batean:

«Amets egiteko eta gure bizitza abentura eder bat izateko sekretu eder bat dugu. Ez dago bizitza bakarrik borrokatzerik. […] Elkarte baten sostengua behar dugu, elkarri lagundu eta aurrera egiteko. Egin dezagun amets elkarrekin! […] Bakarrik arituz gero, errealitatea desitxuratu eta irudi faltsuak ikus ditzakegu: elkarrekin eraiki behar ditugu ametsak». Amets dezagun gizateria bakar bat, bidean batera goazen bidaideak garela, hartzen gaituen lurraren seme-alabak garen aldetik, bakoitza bere fedearen eta sinesmenen aberastasuna ekarriz, bakoitzak bere ahotsa izanik, senidetasunean guztiok. (Fratelli Tutti, 8)

Salletar familian, premiaz gainera, identitate-zeinu bat dugu. Argi esaten du hori gure Misio Proiektuak:

Hezkuntza proiektu ebanjelizatzaile batek egin behar duen ibilbideak, izen bat dauka: elkartea. Izan ere, helmuga eta bidea bat datoz komunitatean. Elkartean datza gure hezkuntza proiektuaren edukia eta metodoa; baita subjektu eragilea ere.“ (Misio Proiektuaren 14. orrialdea, 1.6. puntua)

Eta ideia hori osatzen du La Salle ikastetxeen berezko izaeraren agiriak:

“Harremanen senide-arteko estiloa Hezkuntza Elkarteko kideek bizi duten giro abegitsuan adierazten da. Besteekiko topaketak egiten gaitu garena. Besteekiko topaketak eramaten gaitu gugan den, bizi den eta agertzen den Jainkoagana. (…) Lehenik eta behin, giza eta kristau heziketa eman eta inguruko gizarte premiei erantzuteko erronkari aurre egiten dion Hezkuntza Elkarte gisa. Bigarren, hezkuntza-misioan fedea bizi, partekatu eta ospatzen duen kristau elkarte gisa.” (La Salle ikastetxeen Berezko Izaeraren C2 atala; 11. or.)

Horregatik guztiagatik uste dugu elkarrekin hobeto egiten dugun bide bat eskain diezaiekegula pertsona guztiei. Agerikoa da, lan kooperatiboa eginez gero, emaitza hobea dela; beraz, hobe elkarrekin!

Gure ideietatik harantzago begiratzeko aukera ematen digu elkarteak, besteen ideiekin aberastuko baititugu. Pertsona bakarrak baino helburu handiagoak lortzen dira elkarrekin arituta.